top of page

adarretatik zintzilik

1975. urtean jaiotako lagun biren komeriak. 40 urte betetzeak       dakarren krisialdi sakona. Ume zirela, 80ko hamarkada Euskal Herrian bete-betean pairatu zuten.

 

  90eko hamarkadan gaztetu ziren eta 2000 efektuari aurre egitea lortu zuten. Jogurt potoak hari batekin lotuta lagunekin berba egiten zuten aspaldi eta, gaur egun, sare sozialetan galdu egiten dira.

 

40 urte bete berri duten pertsonaia bi krisian bizi dira. Senar-emazterik ez, seme-alabarik ez, autorik ez, hipotekarik ez... Mundu honetakoak dira ala adarretatik zintzilik bizi dira?

 

‘ADARRETATIK ZINTZILIK’ komedia da, laugarren paretarik gabeko komedia sentimentala eta kronika nostalgikoa.

Ziria noraino sartu diguten konturatzeko berrogei urte bete behar

izan dute batzuek.

Ihesa zilegi balitz

 

 

Anek eta biok betiko lagunak gara. Bizitza osoa daramagu elkarrekin arraunean, hegan eta jolasean. Azken bolada honetan gertaera askok gure bidaiaren norabidea aldatu dute; hamabost urtetan gure sormenerako espazioa zena hustu eta abandonatu behar izan dugu, drama eta poesiarekin jolastu ginen Gaizka Sarasolak oparitu zigun  ‘Urak ttiki dire’ antzezlanarekin eta gertutik ikasi dugu heriotza existitzen dela. Berrogei urte betetzearekin batera, gure arraunek ur bortitzen  kolpea jaso dute. Atzera begira jarri gara, jaio ginen 1975 urte hari begira.

 

Gaur bizi dugun momentua ulertzeko gure iraganari erreparatzeko beharra sentitu dugu. Beti atsegin izan dugu gure buruaz barre egitea. Askotan gure bizitza parodia dela pentsatzea nahiago dugu. Horregatik, lehenengoz Anek eta biok elkarrekin idatzi dugu taula gainera eramateko testua, elkarrekin egindako bidea zein izan den interpretatu eta parodiatzeko edo, beharbada, inoiz baino gehiago elkarrekin bidaiatzen jarraitzeko gogoa eta beharra dugulako. Jolasten jarraitu nahi dugu, ez diogu ume izatearen aukerari uko egin nahi.

 

‘Adarretatik zintzilik’ lanarekin, bizitzaren ibilaldian puntu eta jarrai egin dugu. Esaldiak gehiegi luzatzen duten kometatik ihes egin dugu eta puntua jarri dugu. Puntua arnasa da. Aurrera egiteko puntua. Gurekin edonora etortzen diren aurreko antzezlanetako pertsonaien arimak bildu ditugu: igogailutik ateratzeko beldur zirenenak (Elevator), bizitza bizitzeko lekua dela ulertzen zutenenak (Honolulu, leku bat), mundua ikusten den moduaren araberakoa dela badakitenenak (8 begi) eta baita ‘Urak ttiki dire’ obrako Ilargi eta Willyren minak ere. Guk bezala, pertsonaia hauek guztiek ihes egiteko beharra dute, hemendik ihes, egunerokotik ihes, aspertzen, nekatzen eta itotzen gaituenetik ihes. Bai, askatasunaz ari gara berriz ere. Ezinezkoaz. Utopiaz.

 

 

Galder Perez

Musu estralurtarrak

 

Irribarre batez begiratzen diet ume eta gazte garaiei. Egunero ohetik altxatzerakoan eta ispiluaren aurrean haginak garbitzen ditudanean, irribarrea janzten dut. Hori egingo ez banu espaziontzia hartu eta beste planeta batera alde egingo nuke. Bai, inguratzen gaituena iruzurra da, faltsua, gezurra, tranpa, engainua, trikimailua, burla.

 

Benetako gutxi dago egunerokoan, atzera begira jarrita gris eta ilun ikusten dut dena. Berrogei urte hauetan ikasi dugu zerbait; irribarrea jarri eta ken daitekeela, malkoak jarri eta kentzekoak izan daitezkeen bezala. Koloretako betaurrekoekin mundua ezberdin ikusten ikasi dut, gauza guztiak ez direlako ikusten diren modukoak, ez baita berdina bizitza arrosa kolorekoa edo beltza ikustea. Aspaldi bota genion maite dugunari begia: taula gainean istorioak konpartitzeari. Ikasi dugu sekretua sekretu izateko norbaiti kontatu beharra dagoela, bestela ez dela sekretu.

 

Hori guztia da ‘Adarretatik zintzilik’, gure sekretuen kontakizuna, belaunaldi baten sekretuak, hiri handi batean sortutako neskatila ameslari baten sekretuak... Ziria sartu ziguten, lagunok, baina gaur ere badut irribarrea janzteko asmoa.

 

Konbentzituta nago gure herria bizi estralurtarra garatzeko moduko tokia dela, ez dagoela Jupiter, Saturno edo Martera joatearen beharrik. Gizaki askok horrela begiratzen gaituzte, estralurtar urdinak bezala, begi batekin eta barregarriak bagina lez. Baina guk badugu botere txikia: musu estralurtarrak ematen ditugu.

 

 

Ane Zabala

plazerezko teatroa, antzerkiaren plazera                                                                                                                                                                                 gilkitxaro@gmail.com

bottom of page